lunes, 10 de marzo de 2014

AURREIRITZIAK - Programazioaren antolaketa.

Gela bateko programazio bat antolatzerako orduan, gure iritziz atal garrantzitsu batzuk jorratu beharko lirateke. Esaterako, irakasleetako batek baja hartuz gero, ordezko irakasleak honako atal hauek erreparatu beharko ditu:
Batetik, haurren ezaugarriei erreparatu beharko da. Ezaugarri hauen artean aurkitzen dira haur kopurua eta hauen adina, hauek izango dira programazioa burutzeko funtsa eta hauek kontuan hartuz egin beharko dira ekintza guztiak. Gainera, azpimarratzekoa da haurrak kolektiboki kontuan hartzeaz gain, indibidualki ere aztertzea garrantzitsua dela. Beraz, haur bakoitzak izango dituen arazo edo berezitasunen inguruan jakinaren gainean egon behar gara. Horretan, familia edo tutorearekin duen erlazioa eta hauek helaraziko diguten informazioa baliagarria izango da.
Bestetik, eskolak eskainiko dizkigun baliabideak hartu beharko dira kontuan. Hasteko, gelako espazioa dugu. Honen tamainaren arabera, jarduera batzuk edo besteak garatu ahalko baititugu. Instalazio kopuruan ere arreta jarri beharko da: psikomotrizitate aretoa, musika gela, bideo-gela, liburutegia … hauek ekintza espezifikoak garatzeko lagungarriak izango dira. Gelan egongo den eta irakasleak hauekin egiten duen erabileraren
arabera, haurrek gaitasun edo konpetentzia ezberdinak garatuko dituzte. Azkenik, denbora ere azpimarratzeko baliabideetako bat da, ariketen iraupena kontrolatzeko. Beraz, baliabide guzti hauek beharrezkoak izango dira ikasleek aurretik finkatutako helburu batzuk barneratzeko.
Ondoren, hezkuntza zentroak ezartzen duen ordutegia errespetatu beharko da. Ildo honi jarraituz, irakasle bakoitzak bere klase orduetan dituen ohitura edo errutinak jarraitzea eta errespetatzea ere beharrezkoa izango da. Horrela haurren betiko funtzionamendua ez da oztopatua izango.
Garrantzitsua izango da bestetik, eskolak finkaturik duen metodologia jarraitzea. Baina, helburua mantentzeko asmoz, metodologia moldatu beharko da aipatu ditugun haurren beharretara egokitzeko. Era berean, guzti hau lotua dago haurrek garai horretan lantzen egongo diren unitate didaktikoarekin, horren araberakoa izango baita metodologia. Eta unitate didaktikoa errespetatzea ere puntu guztiz garrantzitsua izango da.
Amaitzeko, ordura arte erabili diren ebaluazio irizpideak mantentzea kontu esanguratsua izango da. Honi jarraiki, behaketa puntu garrantzitsu bat izango da jarduerak burutzerakoan. Eta ondoren behaketa honetan oinarrituz, kolektiboki eta indibidualki ebaluatzea izango da beharrezkoa.

Gure aburuz, ordezko irakasleak edota irakasle guztiek programazio bat antolatzeko garaian kontuan hartu behar dituzten puntu garrantzitsuak dira aipaturiko hauek. Horrela, haurraren ikaskuntza prozesu orekatu eta egoki bat burutu ahalko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario