lunes, 3 de febrero de 2014

DEKRETUAREN SINTESIA



  Oinarrizko hezkuntzako curriculumak arautzen dituen dekretua da ondorengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak burutu du, curriculuma oinarrizko gutxieneko irakaskuntzekin bat etortzen dela ziurtatzeko;  elebitasun integratzaile bat errazteko; Euskal Herria terminoaren erabilera mugatzeko; giza eskubideen balioak aldarrikatzeko; eta, balio etiko eta demokratikoen transmisioa ziurtatuz, kalitatezko irakaskuntza sortzeko. Hau gauzatzeko, curriculumek ondorengo alorrak biltzen dituzte: herritar kritikoak sortzea; elkarlana sustatzea eta teknologia berriaz baliatzea; eta euskal gizarte demokratiko, tolerante eta solidario bat eraikitzeko baloreak transmititzea. Laburbilduz, herritar bakoitzak gara ditzaken prestakuntzen araberako ahalmena eskuratzea da helburua. Gainera, honen bidez, hezitzaileek erreferentzia eraginkorrak edukiko dituzte.
  Dekretuak, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta EAEn ikaskuntza horiek ezartzen ditu. Guztiok dakigu, bizitzako lehen urteetan jasotzen den hezkuntza erabakigarria dela garapenean. Horregatik, dekretu honetan, garrantzi handia ematen zaio familiarekin lankidetzan aritzeari, Ikastetxe ezberdinetan hezkuntza-arreta arautuz. Horretarako, familia eta lan bizitza bateratzeko aukera errazteari garrantzi handia ematen dio dekretuak.
  Botere publikoek ziurtatzen dute hiru urtetik aurrerako hezkuntza
doakoa izango dela oinarrizko hezkuntza mailatan. Hauetan,  lehentasuna maila sozioekonomiko apalena dutenei eta hezkuntza premia bereziak dituztenei emanez, baita hizkuntza premia berezidunei.
  Euskal autonomia estatutuak, autonomia erkidegoari esleitzen dio irakaskuntza eskumena. Betiere, curriculumean kontuan hartuz Errege dekretuan xedatutakoa eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma ezartzen duen dekretua.
  Guzti hau lantzen duen dekretua 20 artikuluz osatua dago. Lehenengotik hasiz, hogeigarreneraino aztertuz gero, artikuluek honako eduki hauek lantzen dituztela ikusiko genuke:
  Batetik, dekretuaren helburua lantzen da (1. Art.): EAEn HHko berezko curriculuma ezartzea; bestetik, aplikazio-eremua (2. Art.): HHko bi zikloetan; antolamenduari dagokionez (3. Art) borondatezko sei ikasturtek osaturikoa dela dio; ondoren, bigarren mailako xedeak azaltzen dira (art.4); HH-ko  eta oinarrizko hezkuntzan haurrek garatu beharreko gaitasunen zehaztapena ere egiten da (5 eta 6. Art.); gero, haurrarengan lortu nahi diren helburuak lantzen dira (7. Art.); Ikastetxearen curriculum proiektuaren,Ikastetxeen Hezkuntza Proiektuaren eta Ikastetxeen Hizkuntza Proiektuaren azalpena ere lantzen diren edukietako batzuk dira (8.9.10.11. eta 12. Art.); elebitasun eta eleaniztasuna azaltzean, bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza sustatzeari ematen zaio garrantzia (13. Art.) ; ebaluazioa eta mailaz igotzearen nondik-norakoak ere azaltzen dira (14. Art.); eta, lantzen diren edukien ezaugarriak, ordutegia eta egokitze aldia eta tutoretzaren hezkuntza prozesu pertsonalizatua gauzatzeko garrantziaz ere hitz egiten du (15. 16. Eta 17. Art.); aniztasunaren eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen trataerari garrantzi handia ematen dio dekretuak (18. Eta 19. Art. ); eta azkenik, ikastetxeen autonomia pedagogikoa lantzen da (20. Art.).
  Nahiz eta artikulu guztiak garrantzitsuak izan, ondorengo lerroetan guretzat esanguratsuenak direnak azalduko ditugu:
  4. Artikulua:  Haurren garapen fisiko, intelektual, afektibo eta sozial osoa eta orekatua lortzea da xede nagusia.
  9. 10. 11. Eta 12. Artikuluak:  Ikasketa Plana aurkezteko, Ikastetxeek zenbait proiektu egin behar dituztela adierazten dute honako artikulu hauek. Eta ondoren, proiektuak hezkuntza administrazioari aurkeztu behar dizkietela adierazten digute.
  20. Artikulua: Curriculuma osatzerakoan, ikastetxeei autonomia maila bat ematen zaie. Programazio didaktikoetan, ikasleen ezaugarriei kasu egingo baitzaie, hezitzaileen talde lana bultzatzen baita, ikastetxeek materiala aukeratzeko autonomia baitute eta material ezberdinak erabiltzeko ez baita baimenik behar. Ahala ere, administrazioari dagokio materialak ikuskatzea.
  Azaltzen diren artikulu hauek guztiak sakontzeko, dekretuak eranskin batzuk ditu amaieran. Eranskinetan, eduki, helburu eta ebaluazio irizpide zehatzei erreparatzen zaie:
I. ERANSKINA :
 Haur hezkuntzako curriculumaz diharduen eranskin honetan,  banakoaren garapen pertsonal eta sozialerako oinarriak zehazteaz gain, herritarren oinarrizko gaitasuntzat hartzen diren irakaskuntzak lantzen dira. Hauen helburua, norberaren irudia eraikitzea, norberaren ezagutza, aintzatespena eta kontrola lortzea, norbere aukerak jakitea eta dituen baliabideak erabiltzen jakitea dira; autonomiaren oinarriak ezarriz. Bestetik, HHn adierazpen gaitasuna eskuratzeari eta ingurunearekin harremanetan jartzeari garrantzia ematen zaiola ere adierazten da
II. ERANSKINA:
  Hasteko, norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala lantzeaz dihardu. Zeregin honetan, nahitaezkoa da lotura afektiboa izatea. Horrek, segurtasuna ematen duelako ingurukoekin harremanetan jartzerako orduan. Prozesu hori, jolasen bidez gauzatzen da. Baina honetaz gain, HHn bizi kalitate hobea izaten lagunduko duten ohiturak eta balioak sustatzea garrantzitsua dela adierazten da: elikadura, segurtasuna, higienea …
 Ondoren, ingurunearen ezagueraz dihardu eranskinak. Ingurune natural, fisiko eta soziala osatzen duten testuinguruen ezaguera gero eta doituagoa eraikitzeari dagokio. Honek dakar, errealitatearen adierazpena, inguruneko zati garen sentimendua eta inguruneko elementuak errespetatzea. Azkenik, kultura aniztasunak haurrak gizarte ohituretara hurbiltzea gomendatzen du, bai eta inguruko kultura eremuetara hurbiltzea ere.
  Amaitzeko, hizkuntzaren  Komunikazioa eta adierazpen gaitasuna lantzeaz dihardu. Eremu honek banakoaren eta ingurunearen arteko harremana sustatzea du xede eta hizkuntzak ahalbidetzen du hori. Hizkuntzak, errealitatea adierazi, norberaren jokabidea arautu eta komunikatzeko balio baitu. HHn lehenik, gorputzaren eta keinuen bidezko komunikazioa garatzen da eta hortik, hizkuntza guztiak garatzera pasatzen dira haurrak, ahozko hizkuntza bereziki.
III. ERANSKINA:
  Orientabide metodologikoak eta ebaluaziorako orientabideak azaltzen dituen eranskina da. Metodologiari dagokionez, Irakasle taldeak erabaki beharko du nola heldu aldagaiei eta horren arabera, jardute didaktikoak aukeratu eta hezkuntza proposamenak diseinatu beharko ditu. Guzti hau, printzipio metodologiko batzuk jarraituz egin beharko du aniztasunaren trataera landuz, ebaluazio prozesuen behaketan oinarrituz …


  Dekretua aztertu ondoren, curriculumek hezkuntza goitik behera zehazten dutela ikusi ahal izan dugu, lortu nahi diren helburuetatik hasita, horiek lortzeko irakasleak aplikatu beharreko metodologietara iritsi arte. Beraz, irakasleen zeregina nahiko zehaztua egon daitekeela iruditu zaigu. Baina hau egokia ala da? Irakaslearen lana mugatua egotea baliogarria al da haur ezberdinen garapenerako?  Curriculumaren mugetatik at dagoen hezkuntza eredua ez al da egokia? 

No hay comentarios:

Publicar un comentario