miércoles, 14 de mayo de 2014

LA EDUCACION PROHIBIDA (Nerea Alustiza)

Klasera joan ez banintzen ere, dokumentala etxean ikusteko aukera izan dut eta beraz, hausnarketa bat egitera bideratu naiz.

Dokumental honek argi uzten du hezkuntzan badagoela zer aldatua, gauza asko gaizki daudela. Baina zer da aldatu behar dugun hori? Nola egin dezakegu hori? Hor dago arazoa..

Dokumentala ikusten ari nintzen bitartean, nolabait esateko, identifikatua sentitzen nintzen esaten zuten zerbaitekin. Haurrak, adina aurrera doan heinean, segituan hasten dira galdera bat egiten euren buruei, bai eta guraso, lagun edo irakasleei ere:
zertarako ikasi behar dut nik hau? Noiz izango zait baliagarria? Ederki oroitzen naiz pentsamendu berbera izaten nuela. Eta hala da. Gauza asko ikasi behar ditugulako ikasten ditugu. Ez ditugu gustuko izaten baina… ikasi behar. Zerbaitetarako balio al du horrek?

Bideoan adierazten duten bezala, nire ustez erantzuna garbia da. Zerbait memoria hutsez ikasten baduzu, egunen batean hori ahaztuko zaizu eta berriro ere burura ekartzea oso zaila izango da. Aldiz zerbait logikaz eta gustuko dudalako ikasiz gero, ez zaigu sekula ahaztuko.

Baina bada norbait non esaten duen guztiok berdina jakin eta ikasi behar dugula. Ikasten baduzu eta gainditzen baduzu, aurrera. Bestela errepikatzen geratuko zara. Planteamendu honek ez ditu haurren behar indibidualak asetzen. Gaindituak eta ez gaindituen artean ere sailkatze bat egiten da non batzuk unibertsitateetara bideratuak izaten diren eta beste batzuk aldiz lanera.

Ildo beretik, eta bideoan ongi azaltzen den bezala, gaur egun haurrak kalifikatzen ditugu. Baina zeren arabera? Eskala estandarizatu batekin konparatzen ditugu eta horren arabera nota bat jarri, zenbaki bat jarri, kalifikatibo bat jarri. Konturatzen ez bagara ere, haurra zenbaki bihurtzen ari gara eta jada ez dio inportako zer ikasten duen, baizik eta amaieran etxera zein zenbakirekin joango den.

Horrekin batera, modu ezkutu batean, lehiakortasuna sustatzen dugu haurren artean. Geroz eta zenbaki altuagoa hobe, ariketak gero eta azkarrago bukatu hobe… Badaude hainbat eskola non lehiarako prestatzen dituzten haurrak eta bideoan esan duen bezala, lehia da gerra bakoitzaren hasiera.

Bestalde, haurra ezagutu behar dela esaten da. Zeinen ideia polita iruditzen zaidan hori. Baina egiten al dute lan hori irakasleek? Dena globalizatuta ematen da eskoletan, indibidualki haur bakoitzean zentratu gabe. Hori dela eta, haur bakoitzaren inguruko informazio asko galtzen da. Gainera irakasle bat izaten da gai bakoitzeko eta urte batez edo bi urtez soilik. Nola ezagutuko du irakasle horrek haur hori?

Hezkuntza honek hezitzaileak behar ditu, ongi kualifikatutako hezitzaileak, euren lana gustuko duten hezitzaileak. Nire ustez hor dago koska. Irakasle batek bere lana gustuko izan behar du, bestela zer transmitituko dio haur bati? Haurrak jaiotzen direnetik izaten dute ikasteko grina. Maite dute euren irudimenarekin istorioak asmatzea; dena galdetzea; erori, min hartu, ikasi eta aurrera jarraitzea… Irakasleon lana da haurrak ikerketa horretara bideratzea eta oztoporen baten aurrean topatzen den unean, hori gainditzen laguntzea.

Baina estatuari berdin dio horrek. Estatuak etorkizuneko langile xumeak soilik nahi ditu. Beraz modu batean esateko, egin diezaiogun kontra estatuari. Zeri deritzogu hezkuntza egoki bat? Umeak beste batek inposaturiko oztopoak gainditzeko ikasi beharra? Ez al du ba bizi kalitate hobeago bat lortzea helburu?

Beraz ekin diezaiogun lanari, guztiok geure partetik jartzen badugu pixkanaka-pixkanaka lortuko dugu eta. Dokumentalean zihoen bezala: “Toda educcacion que busque otra cosa, tiene que ser PROHIBIDA”


Nerea Alustiza Escaño

No hay comentarios:

Publicar un comentario